XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inflazioa % 3,1 hazi da urtebetean Europako Batasunean

Europako Batasunean urtearteko inflazioa % 3,1era iritsi da joan den abuztuan, Eurostat estatistika erakundeak atzo argitaratu zituen datuen arabera.

Iazko abuztutik aurtengora bitartean prezioek izan duten igoera uztailean jasotakoa baino % 0,1 handiagoa da.

Iazko abuztuko datuekin alderatuz, aurtengoan nolabaiteko hobekuntza nabari dela azpimarratu du Eurostatek.

1993an % 3,5era iritsi zen azken hamabi hilabeetako inflazioa abuztuan.

Frantzia eta Luxemburg izan dira Hamabien artean urtearteko inflazio tasa txikiena izan duten estatuak, % 1,7 eta % 2,0 hurrenez hurren.

Alemania, Holanda, Belgika, Portugal eta Grezian ere urtearteko abuztuko inflazioak behera egin du iazko datuekin alderatuz gero.

Europako Batasunean inflazio maila handiena daukaten estatuak Italia, Espainia, Portugal eta Grezia dira, % 11,1 eta % 3,5eko tasetan mugituz.

Guztietan inflazioa murriztea lortu dute Espainian ezik.

Espainian % 4,6tik % 4,8ra igo da urtebetean.

Grezian % 14,6tik % 11,1era jaitsi da.

Datorren urtean Europako Batasunean sartzekotan diren estatuei dagokienez, Norvegiak % 1,6ko inflazioa izan du abuztuan, Finlandiak % 1,9koa, Suediak % 2,6koa eta Austriak % 3,2koa.